
2009-06-19 | 13:50:42
Kudeatuz programaren aurreneko ondorioak azaldu dituzte Udalak eta Aldundiak
Orain arteko bi bileretan, hogeina lagunek parte hartu dute
Herritarren partehartzea bultzatzeko Kudeatuz programan sartu ziren 10 herrietako bat da Ataun. Kiroldegia eta aisialdi gunea egiteko proiektuaren inguruan, herritarren partehartzea bultzatzen saiatu dira, "azken aldian, ohitura hau galtzen" ari delako. Gaur, prozesu honen aurreneko ondorioak aurkeztu dituzte Udaleko eta Aldundiko arduradunek. Orain arteko bi bileretan, hogeina herritarrek parte hartu dute, eta hau, "arrakastatsua da Ataun bezalako herri txiki batentzat". Ondorio nagusien artean, "jendeak kezkak badituela baina horiek jasotzeko, Udalak bitartekoak" jarri behar dituela aipatu du Bittor Oroz alkateak. Proiektu nagusien artean, igerilekuaz gainera, kiroldegiko gunea berrantolatzea, gimnasioa eta erabilera anitzeko gela berria egitea edota San Gregorio auzoan rokodromo bat egitea daude. Egitasmo hauek guztiek ordea, "bakoitzak bere prozesua eskatzen dute". Gainera, "inbertsioak ondo pentsatuta" egin behar direla azaldu dute, krisia dela eta, "ez baita garai ona".
2009-06-15 | 13:20:35
Xabier Zabalo nafarra izan da azkarrena Ataunen
Angel Vazquezek lasterketa bikaina egin arren, sprintean atzera utzi zuen Zabalok
Naturgas taldeko Xabier Zabalok irabazi du Ataungo 45. San Martin proba. Txirrindulari nafarrak kilometro ugari egin zituen Angel Vazquez (Azysa) lazkaotarrarekin batera, baina San Martingo sprintean azkarragoa izan zen Zabalo. Garaipen honekin batera, 23 urtez azpikoen txapela ere jantzi du Olaztikoak. Angel Vazquezek berriz, elite mailako txapela lortu du. Beste goierritar batzuk ere lan ona egin zuten; Julen Gonzalez beasaindarra esaterako, bosgarren iritsi zen helmugara (23 urtez azpikoetan bigarren).
2009-05-29 | 15:41:16
Kepa Junkerak Ataungo Otso Festan joko du, ekainaren 13an
Melonius Quartet taldearekin atera duen diskoa aurkeztuko du musikari bizkaitarrak
Ekaina iristearekin batera, hainbat kultur eta kirol ekintza biltzen dituzte urtero Ataungo Otso Festaren egitarauan. Aurtengo berrikuntza nagusia, Kepa Junkeraren kontzertua izango da. Musikari bizkaitarrak Melonius Quartet laukotearekin batera joko du, "Fandango Provença Sessions" diskoa aurkeztuz. Kontzertua ekainaren 13an izango da, Ataungo herri antzokian. Sarrerak aurrez jarri dituzte salgai herriko tabernetan eta Lazkaoko Gerriko liburudendan.
2009-05-02 | 16:20:15
Ataunek aurre hartu dio Arrasateri herriarteko txapelketan (1-2)
Kadeteen eta nagusien mailan irabazi dute ataundarrek, eta gaztetxoetan galdu
Gipuzkoako herriarteko pilota txapelketaren final zortzirenetako joaneko partidak jokatu dituzte gaur Ataungo eta Arrasateko pilotariek. Kadete (22-20) eta nagusien mailan (22-10) irabazi zuten ataundarrek, eta gaztetxoen mailan egurra hartu (22-0). Kanporaketa 1-2 alde dutela, maiatzaren 8an jokatuko dira itzulerako partidak, 19:00etan, Ataungo Auzoeta pilotalekuan.
2009-04-27 | 16:46:36
Ataungo alderdiek bat egin dute euskal presoen aldeko sinadura bilketan
Euskal presoen sakabanaketarekin bukatzeko eskatuko dute EAJk, EAk, Herrigintzak eta Ezker Abertzaleak.
Senideak elkarteak egindako proposamenarekin bat egin dute Ataungo alderdi politiko guztiek. Hala, EAJ, EAk, Herrigintzak eta Ezker Abertzaleak babestuko dute datozen asteetan egingo den sinadura bilketa. Horretarako, herrian zehar, hainbat mahai jarriko dituzte. Adostu duten testuan, "euskal presoen sakabanaketa politika bukatzeko" eskatzen dute, besteak beste.
2009-04-24 | 12:11:12
Baionako instrukzio epaileak bere egin du Juan Mari Mujikaren bahiketari buruzko ikerketaren ardura
Abenduaren 11n kalez jantzitako zenbait polizik bahitu egin zutela salatu zuen Mujikak.
(berria.info) Juan Mari Mujika ataundarraren bahiketa salaketak aurrera segitzen du auzitegietan, Baionako Epaitegiko Instrukzio epaileak bere egin duelako ikerketaren ardura, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaur jakinarazi duenez. Mujika Domintxainen (Zuberoa) bizi da azkenaldian, eta duela zenbait hilabete salatu zuen iazko abenduaren 11n kalez jantzitako poliziek bahiturik eduki zutela bi orduz eta Poliziarekin kolaboratzeko eskaintza egin ziotela. Haren arabera, Espainiako poliziak ziren.
2009-04-21 | 18:31:30
Ertzaintzak debekatu egin du Karmele Aierberi egitekoa ziren ongietorri ekitaldia
Audientzi Nazionalaren agindu bat eskuan zutela joan eta ekitaldirik ez egiteko agindu dute
Gaur iluntzeko 20:00etan Karmele Aierberi ongietorri ekitaldia egitekotan ziren Ataunen. Antolaketa lanetan ari zirela ordea, Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu eta ekitaldia debekatuta dagoela azaldu diete. Auzitegi Nazionaleko auto bat eskuan dutela joan dira, eta ezin dutela inolako ekitaldi publikorik egin esan diete.
2009-04-16 | 12:19:06
Herriko kultur ekintzen proiektua egiteko ere herritarren iritzia eskatuko dute
Herriko bi proiektu garrantzitsu aurrera ateratzeko garaian, herritarren iritzia kontuan hartu nahi du Ataungo Udalak. Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen baten bidez, Siadeco eta Gizaker etxeek herritarren iritzia jasoko dute. Batetik, kiroldegia berritu eta aisialdirako gune bat egiteko asmoa dute. Horretarako, bilera bat egingo dute hilaren 22an, parte hartu nahi duten herritarrekin. Bestalde, udalak kultur arloan egin duen lana aztertzeko, Gizaker etxeak inkesta bat egingo du herritarren artean. Telefono bidez hainbat galdera egingo dituzte, datorren astelehenetik ostiralera bitartean.
Behe Bidasoako Hitzaren aurkezpen bideoa
Behe Bidasoako Hitza
Antzerkia
Antzerki emanaldia
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2009-07-03
Erakusketa
"Zumarragako txokoak"
ZUMARRAGA, Zelai Arizti erakusketa aretoan - 2009-06-19
Datua
333 haur
Etorri dira Txernobil ingurutik Euskal Herrira, horietatik 8 Goierrira. Hitza
Txindokiko desafioa
Abaltzisketako plazatik Txindoki gainera korrika igotzeko desafioa hirukoteak irabazi du, Xabier Lasari minutu soil bat aterata. Hitza
Goierri
Peio Gonzalez Foru Ogasuneko Diputatuak jakinarazi duenez, telefono bat jarriko dute iruzur zantzuak sumatzen dituzten herritarren eskura, iruzurtiak sala ditzaten. Zer iruditzen zaizu ekimena? iruzur zantzurik sumatu al duzu zuk? nolakoa?
Jasotako azken mezua:
2009-07-01
Bera hasi dadila ejenploa ematen, bere inguruan izango du zer salatu! ...(+)
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.