
2008-07-02 | 20:05:53
Santa Ixabel egunarekin agurtu dituzte Aiako festak
Bost jai egun izan dituzte aurten Aian, eta antolatzaileak gustora daude herritarren erantzunarekin
Azken urteotako festarik luzeenak izan dituzte Ataungo Aia auzoan. Gaur agurtu dituzte jaiak, Santa Ixabel egunarekin. Eguerdi partean jende ugari bildu da plazan, Otsoak dantza taldearen saioa ikusteko. Ondoren, hamaiketakoa eta bazkaria egin dituzte. 80 lagun inguru elkartu dira Aitzarri elkartean. Bertsoak eta trikiti doinuak ere izan dituzte. Jende ugari ibili da aurtengo jaietan, eta antolatzaileak gustora daude. Larunbata izan zen egunik jendetsuena, sagardo dastaketari eta gaueko kontzertuei esker.
2008-06-15 | 16:10:33
Herriarteko txapelketatik kanpo gelditu da Ataun, finalaren atarian
Azpeitiaren kontra 0-3 galdu zuen, finalerdietako bueltako partidetan
Finalaren atarian utzi behar izan du Ataungo taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Joanekoan kanporaketa aldapa gora jarri bazitzaion ere, bazituen finaleraino iristeko aukerak. Atzo ordea, azpeitiarrak gehiago izan ziren, eta jokatutako hiru partidak irabazi zituzten. Hala, Azpeitiak eta Donostiak jokatuko dute herriarteko txapelketaren eskuzko finala.
2008-06-14 | 23:24:48
Joxe Arratibelen 'Izugarriak' liburua aurkeztu dute herritarren aurrean
Ahozko tradizioan oinarritutako bost ipuin jaso ditu ataundarrak
Ahozkotasunaren katea ez da eten. Joxe Arratibel fraide eta idazle ataundarrak belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho kontatutako bost kontakizun jaso ditu 'Izugarriak' liburuan. Pamiela etxeak argitaratu du lana, haur literatura sailean. Gaur (larunbata) eguerdian aurkeztu dute liburua Ataunen, herritarren aurrean. Arratibeli omenaldia ere egin diote, ahozko tradizioa paperera eramaten egin duen lanagatik.
2008-06-09 | 10:05:31
Ugaitz Artolak irabazi du bigarren urtez Ataungo San Martin proba
Lasterketa hasi zuten 102 txirrindularietatik 61ek bukatu zuten lasterketa
Atzo jokatu zen XLIV. Ataun San Martin txirrindulari proba. Elite eta 23 urtez azpiko 102 txirrindulari bildu ziren irteeran, 128 kilometroko probari ekiteko asmoarekin. Pasa den urteko protagonista berberak izan ditu aurtengo probak; izan ere, Azpiru taldeko Ugaitz Artolak irabazi du lasterketa, bigarren urtez jarraian. Haren atzetik, taldekide duen Fabricio Ferrari sartu zen, hamar segundora.
2008-05-25 | 13:59:48
Ataungo pilotariek ondo bideratu dute final laurdenetako erronka
Lizartzari 2-1 irabazi diote etxean, joneko partidetan
Ataungo pilotariek aurrera jarraitzen dute Gipuzkoako Herriarteko txapelketan. Atzo, final laurdenetako joaneko partidak jokatu zituzten Ataungo Auzoeta kiroldegian, eta kanporaketa euren alde jartzea lortu dute. Lizartzaren kontra bi partida irabazi eta bat galduta, joaneko partiden zain geldituko dira orain ataundarrak. Kadeteetan (22-10) eta jubeniletan (22-12) lortu zituzten etxekoek bi garaipenak. Senior mailan berriz, 5-22 galdu zuten.
2008-05-22 | 19:00:38
Dioni Galparsorok 152 kilometro egin ditu ihesean Italiako Giroan
Helmugarako hamar kilometro falta zirenean harrapatu du tropelak
Italiako Giroko 12. etapan balentria handia egin du gaur Dioni Galparsoro (Euskaltel Euskadi) txirrindulari ataundarrak. Ibilbide ia osoa bakarrik egin du, ihes eginda. Forli-Capri etapan (172 kilometro), irten eta 10. kilometroan egin du aurrera Galparsorok, bakarrean. Hamalau minutuko aldea lortzera iritsi da (55. kilometroan), eta tropela etengabe gutxitzen joan da diferentzia: 100.ean 7:15, 115.ean 3:50, eta 152.ean 47 segundo. Harrapatu duten arte. Capriko helmugara iristeko hamar kilometro falta zirenean irentsi du tropelak Galparsoro. Daniele Bennati italiarrak irabazi du etapa azkenean, esprintean. Giovanni Viscontik jarraituko du lider.
2008-05-05 | 16:16:31
Dioni Galparsoro, Italiako Giroan
Larunbatean hasiko da lasterketa, txirrindulari ataundarra tartean dela
Larunbatean (maiatzak 10) hasiko da Italiako Giroa, Palermon, taldekako erlojupekoarekin, eta han izango da Dioni Galparsoro txirrindulari ataundarra, Euskaltel-Euskadi taldearekin, gaur jakinarazi dutenez. Koldo Fernandez de Larrea eta Iņigo Landaluze izango dira Euskaltel-Euskadiren buruak. Galparsororekin eta bi buruekin batera, honakoek osatuko dute taldea: Aitor Galdos, Markel Irizar, Alan Perez, Ivan Velasco, Josu Agirre eta Lander Aperribai.
2008-03-15 | 21:29:59
Bi lagun zauritu dira Ataunen, trafiko istripuan
Zumarragako ospitalera eraman dituzte, larritasunik gabe baina kolpeekin
Gaur arratsaldeko 15:00etan bi autok talka egin dute Ataunen, Elemendi etxe parean. Istripuaren ondorioz autoetako batek etxea jo du, eta besteak pareko horma. Bi lagun zaurituta eraman dituzte Zumarragako ospitalera, larritasunik gabe, baina kolpeekin.
Festak
---
ORDIZIA, Ordizia - 2008-07-25
Festak
Santa Ana jaietako egitaraua
ORDIZIA, Ordizianko Gaztetxean eta Txosna gunean - 2008-07-18
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.