
2008-05-05 | 16:16:31
Dioni Galparsoro, Italiako Giroan
Larunbatean hasiko da lasterketa, txirrindulari ataundarra tartean dela
Larunbatean (maiatzak 10) hasiko da Italiako Giroa, Palermon, taldekako erlojupekoarekin, eta han izango da Dioni Galparsoro txirrindulari ataundarra, Euskaltel-Euskadi taldearekin, gaur jakinarazi dutenez. Koldo Fernandez de Larrea eta Iņigo Landaluze izango dira Euskaltel-Euskadiren buruak. Galparsororekin eta bi buruekin batera, honakoek osatuko dute taldea: Aitor Galdos, Markel Irizar, Alan Perez, Ivan Velasco, Josu Agirre eta Lander Aperribai.
Dioni Galparsorok iaz ere parte hartu zuen Italiako Giroan. Eroriko batean min hartu eta bertan behera utzi behar izan zuen hiru asteko lasterketa. Eskuin besoko erradio hezur-burua zartatu zuen.
Postu aipagarria egin zuen aurretik 2007ko Giro hartan. Zortzigarren etapan (Barberino-Fiorano, 170 kilometro) bosgarren sailkatu zen, 22 laguneko taldetxoan sartu eta esprinta egin ondoren. Arvesen norvegiarrak irabazi zuen etapa hura, Bettini bigarren zela.
Zoritxarrezko erorikoa 12. etapan izan zuen Dioni Galparsorok. Col de Agnello mendatea jaisten ari zela. Golpearen ondoren bizikletaren gainean jarraitu zuen ataundarrak, baina minak eta medikuen aholkuek Giroa uztera behartu zuten.
Ataunen jaioa 1978ko abuztuan, 2003an egin zuen Galparsorok debuta txirrindularitza profesionalean. Euskaltel-Euskadin korritu zuen lehen bi denboraldietan (2003 eta 2004), eta Kaiku taldeko buru izatera igaro zen ondoren (2005etik 2007ra). Garai hartan, 2005. urtean, lortu zituen profesional mailako bi garaipen: Asturiasko Itzulian etapa bat, eta Hessengo itzulian beste bat.
2007an itzuli zen Euskaltel-Euskadira. Iazko urtarrilean belauneko operazioa gainditu eta Giroan parte hartu zuen.
Aurten bai!! | 2008-05-06
Ea kriston sospresa emanten diguken etapa bat irabaziz, eta etapa ez badek ere, ea giro ona ateratzen zaiken. Eutsi goiari, gaitasuna baduk eta!!
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Dioni Galparsoro txirrindulari ataundarra.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.