Edukira joan

Goierriko Hitza

Ataun
2008ko abuztuak 28, Osteguna

2008-06-15 | 16:10:33

Pilota

Herriarteko txapelketatik kanpo gelditu da Ataun, finalaren atarian

Azpeitiaren kontra 0-3 galdu zuen, finalerdietako bueltako partidetan

Finalaren atarian utzi behar izan du Ataungo taldeak Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Joanekoan kanporaketa aldapa gora jarri bazitzaion ere, bazituen finaleraino iristeko aukerak. Atzo ordea, azpeitiarrak gehiago izan ziren, eta jokatutako hiru partidak irabazi zituzten. Hala, Azpeitiak eta Donostiak jokatuko dute herriarteko txapelketaren eskuzko finala.

Auzoeta kiroldegia jendez gainezka zegoela ekin zioten Ataunek eta Azpeitiak finalaurrekoen bueltako partidei. Lan zaila zuten ataundarrek, aurreko asteburuko 2-1ekoari buelta eman behar baitzioten. Azpeitiarrak indarrean etorri ziren ordea, eta kanporaketako hiru partidak irabazi zituzten.
Aurreneko ezustekoa kadeteen mailan etorri zen. Mikel eta Ibai Arratibel ziren partida irabazteko faborito nagusiak, baina azken uneko nerbioak eta azpeitiarren joko sendoa zirela medio, 15-22 galdu zuten Ataungoek.
Jubeniletan izan zen partidarik estuena. Arratibel eta Albisu aurretik jarri ziren markagailuan, baina partida gogor eta parekatu baten ondoren, 21-22 galdu zuten.
Helduetan porrota nabarmenagoa izan zen. Dagoeneko finalerako sailkatuta zeuden azpeitiarrak, eta emaitza borobiltzeko, bostean utzi zuten Ataungo bikotea.
Finalaren atarian gelditu badira ere, txapelketa ona egin dute ataundarrek, finalerdietara iristea ez baita herri askok lortzen duten marka. Hain zuzen ere, Azpeitiak eta Donostiak jokatuko dute herriarteko txapelketaren finala; izan ere, Donostiak Hernani mendean hartu baitzuen atzo.

 

 

Jasotako erantzunak:

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.