
2008-02-09 | 19:40:10
Enrike Zurutuzak aurkeztu du Felipe Arinen biografia
Epaile ataundarraren bizitza aztertu du
Albaitaritzan eta kulturan lanean jardundako Enrike Zurutuzak (Ataun, 1917) gaur eguerdian aurkeztu du Ataungo udaletxean "D. Felipe Arin Dorronsoro (1881-1941). Epaile magistratua" liburua. Telleriazpi baserrian jaiotako Felipe Arinen bizitza ikertu eta bildu du Zurutuzak, abokatutzan eta magistraturan XX. mendearen lehen erdian famatu izan zen ataundarraren biografia osatuz.
2008-01-09 | 09:45:53
Nondik herri aldizkaria berreskuratu du Atauniker taldeak
Herriko pertsonaiak, pasadizioak eta elkartearen lanak biltzen ditu 28. zenbakiak
Hamabost urtez itzalean egon ondoren, Atauniker elkarteak Nondik herri aldizkaria berreskuratu eta 28. zenbakia argitaratu du. Atzo iluntzean Ataunen egin zuten aurkezpenean azaldu zutenez, elkarteak egiten dituen lanen berri emateaz gain, herriko pertsonaien ibilbidea edota auzo ezberdinetako pasadizoak ere jasoko dituzte bertan. Atauniker elkarteak aldizkariaren 400 ale argitaratu ditu, eta interesa agertzen duten herritarren artean banatuko dituzte; horretarako, etxez etxe izena emateko orri bat banatuko dute.
2008-01-02 | 00:14:57
Pilar Barandiaran hil da, 96 urte zituela
Bizi osoa egin zuen osaba Joxemiel Barandiaranen ondoan
Atzo hil zen Pilar Barandiaran Ataungo Sara etxean, 96 urte zituela. 1911an jaio zen Pilar, San Gregorioko Perune zaharra baserrian. Betidanik bere osaba zen Joxemiel Barandiaranen ondoan egon izan da, baita honek errefuxiatuta ihes egin behar izan zuenean ere. Joxemiel Barandiaran Lapurdiko Sara herrira joan zenean, Pilar ere berekin joan zen, eta han bizi izan ziren biak urtetan, harik eta 1953an, atzera Atauna itzuli ziren arte. Urte horretan eraiki zuten Sara etxea, Lapurdin egon ziren etxearen oroimenez, eta han bizi izan da Pilar orain arte. 2006ko azaroan, omenaldia egin zion Barandiaran-Murkondo kultur elkarteak, Pilarrek urtetan “isilean egindako lana” eskertzeko. Ezagutu zutenek, bere eskuzabaltasuna eta etxera bisitan joaten ziren guztiei egiten zien harrera ona azpimarratu dituzte.
2007-11-20 | 11:03:04
Aiako hilerria berritzeko lanak hasi ditu Udalak
Barrukaldea txukundu eta sarrera berri bate egingo diote
Ataungo Udalak egunotan hasi ditu Aiako hilerria zaharberritzeko lanak. Prozesu honetan, hainbat egokitzapen egingo dituzte. Batetik, hilerriaren sarrerako eskailerak eta barrukaldea txukunduko dituzte, zoru eta argiteria berria jarrita. Bestalde, "irisgarritasun neurriak kontuan izanik", beste sarrera bat ere egingo diote hilerriari, depositua dagoen aldetik.
2007-11-14 | 13:14:20
Mendiko argazkilaritza landuko du Lizarrusti parketxeak
Gema Arrugaetak gidatuta, bi hitzaldi eta mendi irteera egingo dituzte
Mendiak argazkilariari eskaintzen dizkion aukerak aprobetxatzen ikasteko hiru saio antolatu ditu Lizarrusti parketxeak datozen asteetarako. Bihar iluntzeko 19:00etan izango da aurrenekoa, San Gregorioko elkargunean. Bertan, Gema Arrugaeta argazkilari goierritarrak mendiko argazkilaritzak dituen sekretuak azalduko ditu. Igandean berriz, ikasgai hauek praktikan jartzeko mendi irteera egingo dute, Arrugaetak berak gidatuta. Azkenik, bihar zortzi, mendi ibilaldian ateratako argazkiak aukeratu eta aztertuko dituzte.
2007-11-05 | 12:16:16
Jendetza bildu du Ataungo mondeju egunak
Pili Barandiaranek irabazi du mondeju lehiaketa
Jende asko bildu zen atzo Ataunen, Mondeju eguneko ospakizunetan. Goiz osoan zehar, garai bateko bizimodua irudikatu zuten ataundarrek. Herritarrak baserritar jantziekin atonduta atera ziren kalera, eta antzinako lanbideekin erakusketa egin zuten. Lehengo eran landu zituzten artilea, egurra, ontziak eta mondejuak. Bestalde, herriko mondejuen II. lehiaketa ere egin zuten atzo. Aurreneko saria Pili Barandiaranek eraman zuen. Rosario Urdangarin bigarren gelditu zen eta Troskaeta tabernak jaso zuen 3. saria.
2007-10-29 | 13:28:50
Javi 'Karratu' zaldibiarrak irabazi du Ataungo 3 auzoetako proba
Guztira 158 lagunek lortu zuten korrikaldia bukatzea
Atzo ospatu zen Ataungo Hiru Auzoetako XXVIII. Korrikaldia. Guztira, 158 lagunek lortu zuten 17,2 kilometroko proba gogorra bukatzea. Gizonezkoetan, Javi Cuadrado 'Karratu' zaldibiarra izan zen azkarrena, 0:58:41eko denbora egin ondoren. Emakumezkoetan ere, goierritarrak nagusi, izan ere, Elena Calvillo beasaindarrak irabazi zuen proba, 1:11:16ko denbora eginda.
2007-08-10 | 00:32:38
Lareoko urtegia itxi dute, zebra-muskuiluak aurkitu ondoren
Arrantza eta bainua debekatu dituzte Gipuzkoako urtegi eta ibai guztietan
Ataungo Lareo urtegian zebra-muskuiluen beldarrak aurkitu ditu Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoko ikerlari talde batek. Hau dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapenerako departamentuak Gipuzkoako urtegi eta ibai guztietan arrantza egitea eta bainua hartzea debekatu du. Halaber, urarekin zerikusia duten jarduera guztiak galarazi ditu. Neurri horiekin guztiekin zebra-muskuilua inguruko ibai eta urtegietan hedatzea saihestu nahi dute. Bestalde, Lareoko urtegitik zebra-muskuiluak kentzeko metodorik egokiena zein den ikertzen ari dira. Ikerketaren arabera, ur litroko 0,04 beldar daude Lareoko urtegian. Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren aburuz, atzemandako kopurua ez da «oso esanguratsua», hala ere, Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoarekin eta lurraldeko ur partzuergo guztiekin «ahalegin bateratuak» egingo dituela adierazi du Gipuzkoako Foru aldundiak.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.